Arteterapiaren jatorria
- niarteterapia
- Sep 8, 2021
- 3 min read
Updated: May 7
Gizakia historiaurrean hasi zen bere lehen arte ekoizpenekin. Honen helburua, bizitza amestu eta partekatzearen bidez, denboran zehar bizirautea zen. Natura irakurtzen ikasiz, paisaia sinboloz bete zuen betirako arrastoa utzirik.
Cro-magnonak labar-artearen sortzaile izan ziren. Badira teoriak, ekoizpen hauen helburua erlijiosoa, xamanikoa (Eliade, 1951) zela diotenak, mundu espiritualeranzko ateak irekiz (Arsuaga, 2002).

Artea komunikazio baliabide izan da sortu zenetik, itxura errealetik haratagoko mundu baten mezua helarazten saiatu da (Junge, 2015). Sorkuntza prozesua, arketipoaren transmisio inkontzientea litzateke, arteak honela gizarte lanketa bat egiten duelarik, momentu eta toki horretan falta diren pertsonaia edo gauzak erakarriz. Gizakiaren inguruko ikerketa beti eman da, bere sentimendu, frustrazio edota desio sakon eta inkontzienteenak aztertuz. Katarsi funtzioa izan du maiz, ezkutukoa azaleratuz. Terapiarako baliabide bezala erabili izan da betidanik (Jung, 2002).

Sadeko markesa arte-terapiaren lehenengo erabiltzailetako bat izan zen 1803 eta 1805 urteen bitartean, Charentongo (Paris) osasun etxean, antzerkiak antolatu zituen. Hortik aurrera bide berri bat ireki zen ordurarte zigor, isolatze eta onarpen eza jasaten zuten pertsonentzat. Bera edo Breton bezalako artistek, inkontzientearen mapa aurkitu zuten gaixoen ekoizpen artistikoetan, giza konplexutasuna ezagutu eta ulertzeko gakoak alegia (Torrens, 2013).
Arteteapiaren garapenean arte abangoardiek ere garrantzia handia izan zuten. Ordurarte artea errealitatearen imitazioan atzipetua zegoen, figuratibo eta estatikoa zen. Halere, garai modernoan subjektibo bilakatu zen, adierazpena bilatuz bat-bateko eta inkontzientearen sorkuntzaren bitartez. XX. Mendearen hasieran, espresionismoa, fauvismoa, dadaismoa, surrealismoa, futurismoa, kubismoa eta abar jaio ziren. Talde hauek gizartean finkatuta zeuden arauei aurre egiteko helburua zuten eta haur zein buruko gaitza zuten pertsonen artearen azterketa egiteaz arduratu ziren besteak beste.
Pinturan, perspektiba desagertu zen, koloreen erabilpena aldatu eta material berrien erabilera sustatu zen, hala nola, egur zatiak, argazkiak, kollageak… Prozesu berari garrantzi handia eman zitzaion eta obrak amaitzeari garrantzia kendu, horrela Action painting-a, Body art-a, Pop art-a, Happening-ak, Performance-ak edota natura eta hirian eginiko esku-hartzeak sortu ziren.

Eskulturan ere aldaketak anitzak izan ziren, ohiko teknika eta materialei, berriak gehitu zitzaizkion. Plastikoa, altzairua, burdina, aluminioa, kristala, hormigoia, feltroa… Gainera sorkuntza errealitatearen imitaziotik urrundu zen, bolumena negatibotik aztertuz, hutsa goraipatuz, argilunak edo mugimendua adieraziz. Gizakiaren irudikapenaz gain, bizitza modernoko objektu jakinak irudikatzen hasi ziren ere, makinak besteak beste (Torrens, 2013).
Artea ulertzeko era berri honekin, sormena eta osasun mentala kontutan hartu zuten aurkako bi jarrera politiko zein psikiatriko eratu ziren.
Batetik, arte forma berriak buru gaitzekin harremandu zituzten. 1921. urtean Weygandt psikiatrak adibiderako, “pentsamendu eta sentimendu normalen desirrika, gure garai gaixoan giza duintasuna are gehiago hondoratzen laguntzen duena" adierazi zuen Picasso, Klee edo Cezanne bezalako artisten obren inguruan. Bestetik estatu naziak “Arte endekatua” izendaturiko erakusketa bat antolatu zuen 1937. urtean Van Gogh, Kandinsky, Klee, Kokoschka, Nolde, Chagall eta bestelako autoreekin. Hauekin batera hainbat gaixoen ekoizpenak aurkeztu zituen, arte modernoaren sortzaileen patologia baieztatzeko asmotan (Arte degenerado, 2024).
Bestetik, gaixotasun mentala sormenarekin harremantzen zuen korronte bat jaio zen. H.Prinzhorn psikiatra eta historialariak Europa osoan zeharreko hainbat ospitaletako gaixoen 5.000 ekoizpen bildu zituen. Erakusketako obra jakinek, abangoardietako artista asko inspiratu zituzten (Junge, 2015).
Arte modernoa beraz, arteterapiaren sorkuntzako ardatz garrantzitsuenetako bat dela adierazi dezakegu. Material eta teknika berriak eskaini ditu, adierazpen askatasuna jorratzearekin batera, gizakiari gai ez izan edo ez jakiteko beldurra galtzera lagunduz.

Erresuma Batuan Adrian Hill artista eta Irene Champernowne psikoterapeutak, zeresan handia izan zuten arteterapiaren sorkuntzan. Lehenengoak biriketako gaitz batek jota, margotu egiten zuen, eta bere inguruko gaixoak ere egitera bultzatu. Honela, artea trauma eta minen adierazpen bide zela egiaztatu zuen. Bera izan zen arte-terapia hitza erabili zuen lehenengoa (Junge, 2015). Irenek psikoterapia ikasi zuen Jung psikoanalistaren zuzendaritzapean, eta bere maisuaren ezagutzak bultzatuta, arteterapia-eskola bat sortu zuen 1942an: Withymead House, Devonen. Ordutik, diziplina Osasun Zerbitzu Nazionalean integratuta dago (Wood et al., 2019).
Artearen eraginkortasun terapeutikoa 1946an ikertu zuen lehen aldiz Edward Adamson arte terapeuta britainiarrak (O 'Flynn et al, 2018). Bestalde, hainbat test psikologiko proiektibo sortu ziren, hala nola Etxea-Zuhaitz-Pertsona (HTP) edo Orbanen Rorscharch Testa, terapia artistikoaren garapenean oso garrantzitsuak izan zirenak diagnostikorako tresna gisa (Torrens, 2013).
1950eko eta 1960ko hamarkadetan, arteterapia diziplina terapeutiko gisa finkatu zen. Elkarte profesionalak sortu ziren, hala nola American Art Therapy Association (AATA) 1969an, eta programa akademikoak ezarri ziren Estatu Batuetako unibertsitateetan (Robb, 2015)
Laburbilduz, denborarekin psikologiaren eta artearen arteko elkarrekintza eman zen, eta horrek terapia artistikoaren sorrera erraztu zuen. Bere formetan hazten eta garatzen joan da, eta gaur egun osasun mentala lantzeko herrialde askotan erabiltzen den baliabidea da.
Commenti