Zer da arteterapia?
- niarteterapia
- Sep 8, 2021
- 1 min read
Updated: Apr 9

Arte-terapia herrialde batzuetan aspalditik erabilia den arren, eta zabalkundean badago ere, nahiko ezezaguna izaten jarraitzen du.
Arte-terapia, artea bitartekari gisa duen psikoterapia da, eta hainbat arte lengoaia erabiltzen ditu norbanakoaren ezagutzara iristeko. Ikustea kostatzen zaizkigun gauzak azaleratzea du helburu. Norbere buruarekiko ezagutza bideratzen du inkontzientearen lanketaren bitartez, ikusezina ikusgarri bihurtuz.
Psikoterapia hitza etimologikoki "psique" (grekoa) eta "terapia" (grekoa) hitzetatik eratorria dago. Lehenengoaren esanahia arima, gogamena, ezkutukoa da; bigarrenarena aldiz, jainkoari zerbitzatzen diona. Bien elkarketak gizakiak duen alderdi ezkutuaren zainketa adieraziko luke.
Ohiko terapiek ahozko hizkuntza erabiltzen dute psikearekin harremanetan jartzeko. Honen kodeak ezagutzen ditugunez, manipulatzeko errazak gerta daitezke.
Arte-terapian, ahozko hizkuntza ere garrantzitsua da, baina ez da ezagutu eta komunikatzeko modu bakarra. Hizkuntza ezezagunen bidez espresatzen bagara, ezinezkoa izango da informazioa manipulatzea, eta modu horretan eduki psikologikoak errealagoak izango dira. Erabiltzaileak bere buruaren inguruko informazio berria jasotzen du, eta adierazpenaren bitartez ezagutza gaitasun berriak garatzen ditu.
Psikoterapia askok kontziente eta inkontzientearen arteko zubiak eratzea dute helburu. Arte-teterapiaren ibilbidea, izakiaren funtsa topatzean datza. Orainalditik abiatuta, iraganean galduta gelditutako eduki psikikoak azaleratzen ditu, eta finkatuta geratu diren jokabide jakinak ulertzea ahalbidetzen du. Jokaera horiek batzuetan ez dira egokiak izaten, gure ongizatea oztopatzen baitute. Arte prozedurak lagunduko du eduki inkontziente horiek kaleratzen artearen lengoaia ezberdinak erabiliz, eta horrek eraldaketarako aukera emango du. Artea gu sendatzeko gai da.
Chus Torrens filosofoak bere bizitzaren zati handi bat pasa zuen pertsonak arte-terapiaren bidez sendatzen eta terapeuta berriak praktika horretan trebatzen. Ondorengo bideoan modu argi eta laburrean azaltzen du zeintzuk diren metodologiaren gako nagusiak.
"Arteak gizakia eraldatzen du. Eta eraldatutako gizaki hori da bizitzatik errealitatea eraldatzen saiatzen dena."
Jorge Oteiza
Comentários